XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Ezezagun jarraitu behar dinagu entzun zuen, urrunetik bezala, ez din inork esistitzen eta zertan dihardugun jakin behar.

- Guk inork bere oroimenean oroi ez gaitzaten dihardunagu.

- Bakarrik ezezagun jarraitzea dugun bitartean gure negozioa egin ahal izango dinagu negozio zaila, gizonari denbora orduka, minutuka, segunduka ohostea zeren aurrezten duten denbora guzia galtzen bait dute guk gureganatzen dinagu biltzen dinagu behar dinagu desiratzen dinagu.

- A, ez dakizue zuen denborak zer esan nahi duen! Baina guk ba dakinagu eta larruraino xurgatzen dizuegu.

- Eta gehiago behar dinagu gero eta gehiago gu gehiago garelako gero eta gehiago gero eta gehiago.

Azken hitzak ia zoroka batez esan zituen gizon grisak, baina orain ahoa bi eskuez estali zuen.

Begiak bere orbitetatik ateratzen zitzaizkion eta Momori fermuki begiratzen zion.

Tarte baten buruan, bere durduzaduratik aterako balitz bezala izan zen.

- Zer zer izan da hau? esan zuen hitz motel.

- Erasan egin didan.

- Gaixorik niagon! Heuk gaixotu naun, heuk!.

Eta, doinu kasik errenkari batez, jarraitu zuen -: Ez ditinat tontakeriak baino esan.

Ahaztu egin behar naun, beste guztiek ahazten gaituzten legez.

- Ahaztu behar naun! Ahaztu behar!.

Momo sorbaldetatik heldu eta astindu zuen.

Momok ezpainak higitu zituen, baina ezin izan zuen ezer esan.

Orduan gizon grisa salto batez altxatu zen, bere inguruetara begiratu jarraikiko balitzaizkio bezala, maletin grisa eskuratu eta automobilerantz korrika abiatu zen.

Bapatean zerbait xelebrea gertatu zen: aldrebesko leherketa baten modura, panpin guztiek eta zorutik sakabanaturik zeuden gainerakoek hegaz egin zuten maletegirantz, kolpe batez itxi zena.

Geroago, automobila hain disparaturik atera zen ezen uharriak hegaka hasi bait ziren.

Momok tarte luze batetan eserita jarraitu zuen entzun berria zeukana zer ote zen ulertzen saiatzen zelarik.

Pixkana-pixkana hotz eskergak ihes egin zuen gorputzetik (...).